Egutera energia kooperatiba: bazkide egiteko ordua iritsi da
Bi hilabete barru hasiko dituzte eguzki-plaken parkea eraikitzeko lanak, eta bazkide bila hasiko dira. Datorren asteartean (martxoak 12) informazio saioa egingo dute Aita Mari zineman, eta, martxoa erdialdean arreta bulegoa zabalduko dute Kofradian.
Zumaiako energia sorkuntza eta kontsumorako kooperatiba da Egutera. Lehen pauso gisa, hektarea bateko eguzki-plaken instalazio bat eraikiko du kooperatibak, Oikian. 600 etxeren energia elektrikoaren kontsumo guztia asetzeko besteko eguzki energia sortuko dute bertan. Eguterako bazkideek energia trantsiziora bidean “aldaketaren parte izateko, eta hileroko elektrizitate-fakturan aurrezteko aukera” izango dute.
Kooperatibako bazkide izateko herritarrek hasierako diru-ekarpen bat egin beharko dute, haien kontsumo elektrikoaren araberakoa —astearteko saioan emango dituzte honen inguruko xehetasunak—. Ondoren, bazkideek 29€/MWh ordainduko dute elektrizitatea (karguak, zergak eta ordainsariak kanpo), merkatuko bataz besteko prezio historikoa eta gaur egungo prezioa baino nabarmen baxuagoa. Gainera, bazkideek sortze-kostuan eta prezio finkoan kontsumituko dute egunerokoan behar duten energia.
Mondragon taldeko Krean ingeniaritzak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE-EVE) sustatu dute Ekiola egitasmoa, eta Zumaian Egutera kooperatibaren forma hartu du ekimenak. Proiektuaren sustatzaile eta bazkide laguntzaile dira Zumaiako eta Aizarnazabalgo udalak, Gertu merkatari elkartea, Zumaiako Herri Eskola eta Zumaiena ikastetxea; gainera, dagoeneko baditu lehenengo bazkide eratzaileak.
Bazkide egiteko deia zumaiar eta aizarnazabaldarrei
Prozesu luze bat eta gero (ikusi hemen xehetasunak), obra baimena lortuta, bi hilabete barru hasiko dira eguzki-plaken parkea eraikitzeko lanak. Hori horrela, bazkideak kooperatiban sartzeko momentua iritsi da orain. Hala iragarri dute Kofradia parean elkartutakoek, eta proiektuan parte hartzera eta bazkide egitera deitu dituzte zumaiar eta aizarnazabaldar guztiak .
Kooperatiba, familiei ez ezik, herriko establezimendu zein negozio txiki eta ertainei irekita dago. Lehenengo hilabetean bi herri horietako herritarrek, eta, tokiko jarduera ekonomiko txiki eta ertainetako kideek izango dute bazkide egiteko lehentasuna; gero, lekua geldituko balitz, ondoko herrietakoek ere sartu ahal izango dute kooperatiban.
Eguteraren barruan dauden eragile horietako ordezkariak Kofradia parean —bertan zabalduko dute arreta bulegoa— elkartu ziren joan den ostegunean, eta talde argazkia atera zuten. Honakoak izan ziren bertan: Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, eta Joxemi Antia eta Duñike Agirrezabalaga udalbatzako kideak; Mari Karmen Alberdi Aizarnazabalgo alkatea, eta Unai Alberdi zinegotzia; Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria; Elene Santamaria eta Hodei Arzak Krean taldeko arduradunak;Maitane Atorrasagasti eta Maitane Urbieta Zumaiako Herri Eskolako gurasoak; Isaak Aranbarri Zumaienako zuzendaria eta Josu Lazkano Zumaienako gurasoa; eta, Karmele Eizagirre, Markel Peñalba, Lore Uranga eta Xabier Urrutia Egutera kooperatibako lehenengo bazkideak.
Informazio saioa eta arreta bulegoa
Bazkidetza kanpainari ekiteko, bi ekintza garrantzitsuren berri eman dute:
- Informazio saioa: Datorren asteartean (martxoak 12), herritarrei zuzendutako informazio-saioa egingo dute Aita Mari zineman, 19:00etan. Bilkura horretan, interesatuek gehiago jakin ahal izango dute proiektuari buruz eta nola parte har dezaketen. Elene Santamaria Krean taldeko Ekiola proiektuen arduradun juridikoak eta Markel Peñalba Mondragon Unibertsitateko ikerlariak gidatuko dute saioak; biak ere Egutera kooperatibako bazkide eratzaileak dira.
- Arreta bulegoa: Martxoaren erdialdean arreta bulegoa zabalduko dute Kofradian. Bertan, interesa duten pertsonek informazioa eskuratu eta Eguterako bazkide bihurtzeko beharrezko izapideak egin ahal izango dituzte. Datorren astearteko saioan zehaztuko dute bulegoaren egutegia eta ordutegia.
Webgune bat ere zabalduko dute, kooperatibaren inguruko informazio guztiarekin, ohiko galderekin eta bestelako informazioarekin. Bazkide egiteko tramitea aurrez aurre zein webgunearen bidez egin ahal izango dute herritarrek.
Egutera, trantsizio energetikorako pauso bat gehiago
Zumaian energia berriztagarrien sorrera eta kontsumoa sustatu nahi ditu Egutera kooperatibak, baita komunitatearen parte-hartze aktiboa sustatu ere, energia-eredu iraunkorrago baterako trantsizioan. Energia-iturri garbia eta ekonomikoa eskaintzeaz gain, Egutera kooperatibak ingurumen-iraunkortasunaren garrantziari buruzko kontzientzia sortu eta paradigma-aldaketa sustatu nahi ditu, energia-baliabideen erabilera arduratsuagoa izan dadin.
Trantsizio energetikoa bide luze bat bezala ikusten dute proiektuaren sustatzaileek. Proiektu honen atzetik pauso gehiago beharko dira, bestelako energia ohitura eta ereduak Zumaian sustraitzen joan daitezen. Iñaki Ostolazaren arabera Eguteraren helburua da zumaiarrei herrian bertan beraien energia sortu eta kontsumitzeko aukera ematea. “Zumaiarren artean gero eta zabalduago dago energia eredua aldatzeko beharraren kontzientzia, baina hori ekintzetara eramateko bitartekoak behar dira, asko eta askotarikoak; Egutera, bide horretan, pauso garrantzitsu bat dela uste dugu". Proiektua babesteko, Zumaiako Udalak 60.000 euroko dirulaguntza zuzena eman zion pasa den legealdian Eguterari, lursailaren 25 urteko alokairuaren baliokidea.
Iñigo Ansola EEEko zuzendariaren arabera garrantzi handikoa da Egutera egitasmoa: “herritarren parte hartzeari bide ematen dio, eta udalerriko energia ikuskeran eragingo du, herritarrak autokudeaketa kooperatiboaren ereduan murgilduz energia berriztagarria tokian sortuz”.
Albiste erlazionatuak
Energia
- Zabalik dago Moilaberri eraikina birgaitzeko lizitazio prozesua 2024/11/26
- Egutera energia kooperatibak Kontseilu Errektorea izendatu du bere lehen Batzar Nagusian 2024/07/29
- Martxa onean doa Egutera energia kooperatibaren bazkidetza kanpaina 2024/05/23
- [BIDEOA] Egin zaitez Egutera energia kooperatibako bazkide! 2024/03/16
Egutera
- Egutera energia kooperatibak Kontseilu Errektorea izendatu du bere lehen Batzar Nagusian 2024/07/29
- Ekainaren 27an itxiko da Eguteraren arreta bulegoa 2024/06/20
- Dendari, tabernari eta elkarte gastronomikoetako kideekin bilduko da Egutera energia kooperatiba ostegun honetan 2024/06/11
- Hasi dituzte Eguteraren eguzki parkea eraikitzeko lanak 2024/06/07
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27
- Zumaiako Udalak 'Balenciaga ez itxi!' lelopean ostiralerako antolatutako manifestazioarekin bat egiten du 2024/11/26