Egutera energia kooperatibaren aurkezpen saioa izango da ekainaren 7an
Ekitaldia Aita Mari antzokian izango da, 18:30ean. Proiektua ezagutu eta zalantzak argitzeko aukera izango dute zumaiarrek, baita izena emateko aukera ere.
Zumaiako Udalak eta Ekiolak (Mondragon Taldeak eta Euskadiko Energia Erakundeak osatua) Egutera kooperatibaren berri eman zuten 2021eko urrian. Lehen pauso gisa, hektarea bateko eguzki-panel planta bat sortzeko asmoa agertu zuten orduan, Zumaiako 400-500 bazkide ingururen energia beharrak asetzeko.
Azken hilabetetan barne lanak egiten aritu dira, eta Egutera kooperatibak dagoeneko baditu lehenengo bazkide laguntzaileak: Gertu merkatari elkartea, Zumaiako Herri Eskola eta Zumaiena ikastetxea. Orain, ekainaren 7ko saioan proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte: hurrengo fase eta epeak, diru ekarpenen aurreikuspenak, edota proiektuak bazkideen fakturan izango duen eragina, besteak beste. Ekitaldian ordezkari politikoek, Eguterako kideek eta Ekiolako teknikariek hartuko dute parte.
Ekainaren 7ko saioan zumaiarrek proiektuan aurrebazkidetza egiteko aukera izango dute. Galdetegi sinple bat betetzea nahikoa izango da horretarako, eta ez dakar inolako konpromisorik (orain izena ematen dutenek aurrerago erabakiko dute bazkide izan nahi duten ala ez). Edonola ere, jakinarazi dutenez, orain izena ematen dutenek bazkide egiteko lehentasuna izango dute aurrerago.
Eguteraren helburua da zumaiarrei herrian bertan beraien energia sortu eta kontsumitzeko aukera ematea, eta, horrekin batera, energia trantsizioaren bidean herri mailan pauso garrantzitsu bat ematea.
> Egutera: informazio gehiago
Proiektua ezagutu eta zalantzak argitzeko aukera
Kooperatiban partaide izateko inbertsio bat egin beharko dute herritarrek, instalazioa osatuko duten panelen erosketa egiteko. Funtzionamendu-epe luzea izango du instalazioak -hasierako aurreikuspenen arabera, 25 urte gutxienez-.
Bazkideek hileroko fakturan ordainduko duten kopurua ekoizpen-kostuaren arabera baloratuko da. Ondobidean, 30-40 euro/MWh ingurukoa izatea aurreikusten dute merkatuko prezio historikoa 46,5 €/MWh izan da, nahiz eta egun 200 eurotik gora ordaintzen ari garen-. Gainera, hileroko fakturan hasieran egindako ekarpenaren zati bat bueltatuko zaie Eguterako bazkideei.
Datorren asteartean egingo den saioan, bazkide egiteko ekarpenaren kopuruen aurreikuspenak eta bestelakoen berri emango dute Ekiolako teknikariek. Herritarrek galderak egiteko tartea ere izango da ekitaldian.
Albiste erlazionatuak
Energia
- Kaleko argiteriaren eta semaforoen energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak martxan daude 2023/02/01
- Egutera energia kooperatibaren aurkezpen saioa gaur arratsaldean izango da 2022/06/07
- Kaleko argiteriaren eta semaforoen energia-eraginkortasuna hobetzeko 580.000 euro jasoko ditu Zumaiako Udalak 2021/11/19
Agenda 2030
Ingurumena
- Algorriko ibilbidean hezitzaile bat egongo da uztailean eta abuztuan, gune horren babesa sustatzeko 2023/07/12
- Furgobaratzaren bisita ekainaren 19an (astelehena), baratzeko gaixotasun eta izurriak ezagutzeko 2023/06/16
- Zuhaitz Egunaren barruan, Santiagoko dunetan arteak landatuko dituzte igande honetan 2023/03/09
- 'Euskara, bestela ez gara' zikloa asteazken honetan abiatuko da 2023/02/13