Gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko topaketak egingo dituzte udan
Udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako topaketak antolatu ditu aurten ere UEMAk. Zumaiatik abiatuko dira gazteak ekainaren 29an.
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Maddi Aldalur Zumaiako Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Ainize Alzibar Lekeitioko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Eneritz Basurko Ondarroako alkateordea eta Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Arantza Egaña Itziarko auzo alkatea eta eta Aritz Larrañaga Debako Euskara zinegotziak udalerri euskaldunetako gazteentzako aurtengo topaketen nondik norakoak aurkeztu dituzte Zumaian.
Zumaiatik Lekeitiorako ibilbidea egingo dute topaketan parte hartuko duten gazteek, ekainaren 29tik uztailaren 5era. "Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko” antolatu ditu UEMAk topaketak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Zumaia, Deba, Lekeitio eta Ondarroako Udalen laguntzarekin. 50 lagunentzako lekua izango da, eta martxoaren 31 bitartean zabalik dago izena emateko epea.
Inertziatik kontzientziara salto
Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu duenez, egundoko garrantzia dute udalerri euskaldunek eta arnasguneek, bertako herritarrek euskararen biziberritzean jokatzen duten paper garrantzitsuagatik.
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, UEMArentzat udalerri euskaldunetako herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea ildo nagusietako bat da, “inertziatik kontzientziarako saltoa eman dezaten”. Horretarako UEMAk martxan dituen lan-ildoetan Eusko Jaurlaritzak emandako babesa eta udalen laguntza ezinbestekoa dela aitortu du, eta eskerrak eman dizkie gainerako mahaikideei.
Zumaiako eta Lekeitioko euskara zinegotziek, Maddi Aldalurrek eta Ainize Alzibarrek, hurrenez hurren, udaletan euskara zerbitzuetatik egiten ari diren lana gogoratu dute. UEMAk antolatutako topaketa hauek lan horiekin erabat uztargarriak eta osagarriak direnez, topaketak beraien herrietan hasteko eta bukatzeko eskaintza gustura jaso dutela adierazi dute.
Aurtengo topaketen berrikuntzetako bat, zehazki, Udalek ekarpenak egiteko egitaraua osatzeko izango duten aukera izango da. Horrela, agerraldian izan diren Udaletako ordezkariek gazteentzat erakargarriak izango diren ekimenak iragarri dituzte.
"Salto" topaketak
- Noiz: 2020ko ekainaren 29tik uztailaren 5era.
- Hiru etapa:
- 1. etapa: Zumaia-Itziar (ekainak 29)
- 2. etapa: Itziar-Ondarroa (ekainak 30-uztailak 2)
- 3. etapa: Ondarroa-Lekeitio (uztailak 2-5)
- Nori zuzenduta: udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urte arteko gazteei. Guztira 50 lagunentzat izango da lekua.
- Izen-ematea:
- uema.eus webgunean
- 943 81 66 99 telefonora deituta
- Posta elektronikoz: hezkuntza@uema.eus helbidera idatzita.
- Epea: martxoaren 31. Prezioa: 89 euro.
Albiste erlazionatuak
Gazteak
- Gazte ekimenak garatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea irailaren 30ean amaituko da 2024/08/30
- Zumaiako gazte ekimenak diruz laguntzeko deialdia zabalik 2024/07/08
- Nerabeentzako jarduera ugari izango dira uda honetan ere 2024/06/04
- Udaberria bero iritsi da Zumaiara, adin guztietako herritarrentzako ekitaldi askorekin 2024/04/30
Euskara
- 2024ko Euskararen Eguneko adierazpena: 'Erantzukizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko' 2024/12/03
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Banatu dituzte Julene Azpeitia ipuin lehiaketako 37. edizioko sariak 2024/11/28
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27
- Zumaiako Udalak 'Balenciaga ez itxi!' lelopean ostiralerako antolatutako manifestazioarekin bat egiten du 2024/11/26