Itsaspeko mundua ezagutzeko aukera izango da urriaren 15an Aita Mari zinean

2020/10/08

Zumaiako Itsaspeko Nazioarteko Zinema Zikloaren 11. edizioaren baitan zazpi labur eta dokumental bat ikusi ahal izango dira urriaren 15ean. Gainera, Algorri Interpretazio Zentroan argazki erakusketa bisitatu ahal izango da urriaren 15etik 18ra.

Zazpi labur eta dokumental bat proiektatuko dituzte Aita Mari zinean, urriaren 15ean. CIMASUB-ek Zumaiako Udalarekin elkarlanean antolatutako ekitaldi honek "planeta osoan zehar bidaia bat egiteko aukera eskaintzen du, itsas hondo ikusgarrienak bisitatuz eta itsas kutsaduraren eta klima-aldaketaren arazoaren globaltasuna erakutsiz". Emanaldirako gonbidapenak ostiraletik aurrera egongo dira eskuragarri turismo bulegoan.

Ikus-entzunezkoen proiekzioaz gain, urriaren 15etik 18ra bitartean itsaspeko mundua biltzen duten argazkiekin osatutako erakusketa iznago da Algorri Interpretazio Zentroan. CIMASUB lehiaketara aurkeztutako argazki onenak bildu dituzte, eta antolatzaileen esanetan "itsas hondo politenaz gozatzeko eta itsas-espezie arraro eta deigarrienak ezagutzeko" aukera paregabea eskaintzen du erakusketak. 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara bisitatu ahal izango da erakusketa. 

Lan guztiak CINESUB-ek antolatutako lehiaketara aurkeztutakoak dira. 100 lanetik gora aurkeztu dituzte aurtengo edizioan, eta horietatik aukeratutako argazki, labur eta dokumental onenak egongo dira ikusgai Zumaian ere. 

 

Ikusi programa osoa hemen klik eginda

Ekitaldi honekin itsaspeko bizitzaren inguruko ezagutza eta kontzientzia bultzatu nahi ditu Udalak.  Gainera, Agenda 2030 programaren helburuetako bati ekarpena egin nahi dio Zumaiako Udalak. Izan ere, 14. helburua da "Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak mantentzea eta modu jasangarrian erabiltzea, garapen jasangarriari begira". 

CINESUB Itsaspeko Nazioarteko Zine Zikloak 1975etik dihardu itsas hondoa ezagutzera ematen, ozeanoen edertasuna eta egungo arazoen berri planeta osoan zabaltzen. Zumaiak azken aldiz 2011an egin zen zikloa berreskuratuko du ekitaldi hauekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, CINESUBek 1994tik 1999ra eta 2008tik 2011ra egin zituen ekitaldiak Zumaian. "Aro berri hau emankorra izatea eta jende ugari erakartzea" espero dute antolatzaileek.

Spot-a: