Ludoteka eta Gaztegunea prest daude ikasturte berriari ekiteko
Gaztegunea irailaren 12an zabalduko dute, eta, Ludoteka urriaren 1ean. Ohiko martxan hasi aurretik, ordea, zerbitzuok hobeto ezagutzeko aukera izango da.
2025/2026 ikasturtea hastear dela, Zumaiako Ludoteka eta Gaztegunea haurrei zein nerabeei jolas librea eta aisialdi hezitzailea eskaintzeko prest daude. Gaztegunea irailaren 12an zabalduko dute, eta, urriarekin batera Ludoteka. Lehenago, ordea, zerbitzuok gertutik ezagutzeko aukera izango dute haur, nerabe zein familiartekoek.
GAZTEGUNEA:
Gazteguneak irailaren 12an hasiko du betiko martxa, baina, lehenago, zerbitzua, espazioa eta hezitzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko dute.
- Irailak 9, 10 eta 11: DBH1eko ikasleentzako ate irekiak egingo dituzte.
- Irailak 23 (asteartea): guraso eta tutoreekin bilera. Gazteguneko erabiltzaileen guraso eta tutoreek espazioa bisitatzeko eta hezitzaileak ezagutzeko aukera izango dute, 19:00-20:00 bitartean. Hitzordu garrantzitsua da honakoa, bereziki DBH1ekoen gurasoentzat, Gaztegunearen inguruko informazio garrantzitsua emango baitute bertan.
Izen-emateari dagokionez, aldaketa bat izango da aurtengoan: guraso edo tutoreek aurkeztu beharko dute izen-ematea, derrigor (hau da, ezin izango dute nerabeek beraien entregatu). Izen-emate orri hori bi bidetatik lortu daiteke: iraila hasieran etxeetara bidaliko den gutunetan agertuko den QRa eskaneatuta, edo Gaztegunean bertan. Izen-emate orriarekin batera irudien baimena entregatzea beharrezkoa izango da.
Gaztegunea 12 eta 17 urte bitarteko herritarrei zuzendutako zerbitzu hezitzailea da, eta, asteartetik igandera arratsaldez egoten da martxan. Nerabeentzako erreferentziazko tokia izatea du xede, eta askotariko jarduerak egiten dituzte. Gainera, lauhilero gai orokor bat lantzen dute, ezagutzak helarazteaz gain, euren iritzi kritikoa aktibatzeko: sexu heziketa, hezkidetza, kontsumoak, harremanak, emozioak…
LUDOTEKA:
Ludotekak beranduxeago zabalduko ditu ateak: urriaren 1ean. Izen-ematea zabaldu aurretuik, ordea, irailaren amaieran guraso eta tutoreei zuzendutako bilera egingo dute, Ludotekaren funtzionamendua eta izen-emate prozesua azaltzeko.
Ludotekako guraso bilera: Irailak 23 (asteartea) | 18:30 à euskaraz | 19:00à elebitan
Ludoteka 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da. Hezkuntza ez formalaren eremuan esparru hezitzailea eskaintzen zaie haurrei, jostailuen eta jolasaren bidez. Ekintza gidatuak eskaintzen dira, jostailu mailegua, ekintza bereziak haurrentzat eta familientzat... Zerbitzua astelehenetik ostiralera egongo da martxan, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era.
Albiste erlazionatuak
Ludoteka
Gaztegunea
Herri hezitzailea
- 0-6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu otsailean Jon Urdineta psikomotrizistak 2026/01/13
- 'Kimikarin' zientzia tailerrak egingo dituzte abenduaren 30ean 2025/12/18
- Herriko emakume aitzindariei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2025/12/16
- Kirol klubek, anbulategiak eta Udalak bat egin dute pantailen erabilera osasungarriaren alde 2025/10/20
Zumaia bizitzeko da
- Ikusgai daude Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak 2026/02/05
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29
- Egoitzetan aldibaterako egonaldiak egiteko eskabidea aurkezteko epea zabalik 2026/01/26



