Antzezlan eta ikuskizun ugari izango dira Aita Mari aretoan negu osoan zehar

2022/12/27

Sarreak aurrez erosi daitezke, sarrerakzumaia.eus webgunean eta turismo bulegoan, eta, egunean bertan, Aita Mari aretoko lehiatilan egongo dira salgai.

aitamari (1).png2023ko lehen hiruhilekoan ere kultur ekintza ugarik beteko dute Zumaiako Aita Mari aretoa. Adin guztietako herritarrei prestatutako egitaraua da, eta askotariko lanak ikusteko aukera izango da urtarriletik martxora. Ohiko zine programazioaz eta zine forum saioez gozatzeko aukera ere izango da.

Zumaiako Udalak kulturaz gozatzera gonbidatu nahi ditu zumaiar guztiak, eta opariak egiteko garaia izanik, antzezlanetarako sarrerak oparitzea aukera ederra dela gogoratu.

Honakoak dira helduei zuzendutako antzezlanak:

  • Urtarrilaren 13an, Zuhaitz Gurrutxagak FutbolisTOK bakarrizketa eskainiko du. Gurrutxagak Real Sociedad futbol taldeko jokalari zeneko bizipenak eta anekdotak kontatuko ditu. Eta horrez gain, jendaurrean lehen aldiz, lehen mailako futbolari zenetik lehen pertsonan pairatzea tokatu zaion Asaldura Obsesibo-Konpultsiboaz (gazteleraz TOC, Trastorno Obsesivo-Compulsivo) ere hitz egingo digu. Gai guzti hauek, umorez jorratuko ditu, eguneroko gorabeherak eta problemak erlatibizatzeko, nork bere buruaz barre egitea baino modu aproposagorik ez dagoela erakusteko asmoz. Algorri taldeak antolatutako ekitaldia da, eta sarrerak presentzialki daude salgai: turismo bulegoan, Tximista tabernan, eta egunean bertan, Aita Mariko lehiatilan.
  • Urtarrilaren 20an, Hika Teatroak prestatutako TOTO antzezlana izango da. Maik eta Joseluk, TOTO txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. Belaunaldiz belaunaldi iraun duen sagastien adina dauka edota txakurkume batena ere bai. TOTOK maitasunaren zuri-beltzaz hitz egiten du oro har, eta bere magnitude kosmiko osoan. Joselu, Mai eta Toto, oraintxe bertan, gizateriaren eta animaltasunaren artean daude.
  • Otsailaren 3an Harkaitz Canok idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendutako Hondamendia antzezlanaren txanda izango da. Artedrama eta Axut! taldeak batu ziren lan hau ekoizteko. Diziplina artekoa da ikuskizuna, eta, dantza, musika, soinua eta irudia nahastuta eta zaborra metaforatzat hartuta, Zaldibarko zabortegian gertatutakoaz ariko dira oholtzan.
  • Martxoaren 3an La Dramática Errantek Yerma antzezlana ekarriko du Zumaiara, euskaraz. Protagonista artista bilbotar ospetsua da. Bere senarra, negozio-gizon arrakastatsua. Bere ahizpa, bizitzak harrapatutako emakumea. Bere ama, alaba inoiz besarkatu ez zuen pertsona hori... Eta bere bikote ohia, haurrak izateko aukera galdua.

Bestelako bi ikuskizun ere izango dira negu honetan:

  • Urtarrilaren 8an, Goiko Gela taldeak gospel klasikoen bilduma aurkeztuko du Aita Mariko oholtza gainean. Goiko Gela taldeak gospel kantak kantatzen ditu, euskaraz. Lau bakarlarik eta beste hainbeste musikarik osatzen dute taldea, eta ikuskizun fresko eta dinamikoa ekarriko dute herrira.
  • Martxoren 17an, berriz, Lanku taldearen AMAraun ikuskizuna. Amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko musika, kantua eta dantza uztartzen duen ikuskizun bat da AMAraun. Proiektu artistiko bezala berritzailea iruditzen zaigu bertsoa eta dantza elkarrizketan baliatzea, baina ez bakoitza bere aldetik, kontakizun baten elementu banaezin bezala baizik. Ez dute bertsoa dantzatuko, edo dantza bertsotan emango. Istorio bat kontatuko dute eta horretarako eskura dituzten lengoaia guztia baliatuko dugu: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena... 

Haurrek ere izango dute kulturaz gozatzeko aukera:

  • Urtarrilaren 7an Narzis@ antzezlana eskainiko du Borobil taldeak. 9 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako antzezlana da, eta Peru 13 urteko mutil gaztearen esperientzia kontatzen du. Lagun bakarra du, Maialen izenekoa. Peruk 13 urte betetzen dituen egunean, gurasoek smartphone bat oparitzen diote. Une horretan bere bizitza erabat aldatzen da: sare sozialak ezagutuko ditu, eta konturatuko da beste pertsona bat izan daitekeela. Profil bat sortu eta izena aldatzea erabakitzen du: Narzis@ deituko da aurrerantzean.
  • Urtarrilaren 15ean Glu Glu taldearen Munduari bira 80 egunean antzerkia ikusteko aukera izango da.  3 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako familia antzerkia da, eta elkarbizitzaren alde egiten duen abenturazko istorio bat kontatzen du. Abiapuntua Munduari itzulia 80 egunetan liburu ospetsua izango da, Julio Verneren eleberrian oinarritutako bertsio librea. Glu Gluren lanetan ohikoa den bezala, antzezlanaren tonu nagusia komikoa eta musikala izango da. Bi pase eskainiko dituzte: bata goizean, eta bestea arratsaldean.
  • Martxoaren 19an, Ekain pailazoak Ahoa bete hortz antzezlana eskainiko du. Gure Zirkuko kidea da Ekain, eta haur guztiei zuzendutako ikuskizun dibertigarri eta eroa ekarriko du Aita Marira.

Bestalde, inauterietan, ohi moduan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da Zumaienako aretoan. Sarreren inguruko xehetasunak aurrerago emango ditu Udalak.

Sarrerak

Ekitaldi horietarako sarrerak eskuratzeko hiru aukera izango dira: sarrerakzumaia.eus webgunean, turismo bulegoan, eta, egunean bertan, Aita Mari aretoko lehiatilan.

Bi ekitaldiren kasuan, desberdina izango da sarrerak erosteko modua: FutbolisTOK ikuskizunerako sarrerak presentzialki bakarrik salduko dira (turismo bulegoan, Tximista tabernan, eta, egunean bertan, Aita Mariko lehiatilan), eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako sarreren xehetasunak aurrerago zehaztuko dira.