Partaidetzazko Aurrekontuei loturiko lehenengo leheneste saioa, maiatzaren 25ean

2022/05/20

Fase honetan, jasotako proposamenen artean aukeraketa egin beharko dute herritarrek: 156tik 60 pasako dira hurrengo fasera. Lehenengo saioa datorren asteazkenean izango da, 18:00etan udaletxeko pleno aretoan.

Zumaiarrek martxoan zehar Partaidetzazko Aurrekontuak osatzeko proposamenak egin zituzten, 281 guztira. Errepikatuta zeudenak, eta arrazoi desberdinengatik baztertu direnak (udal eskumenekoak ez direlako, aurreikusitako aurrekontua gainditzen dutelako...) kenduta, 156 dira herritarren bigarren fase honetan aztertu beharko dituztenak. Dokumentu honetan kontsultatu daitezke horiek guztiak.

156 proposamen horietatik leheneste ariketa egin beharko dute herritarrek. 60 proposameneko zerrenda osatzea da helburua, eta, horretarako, hiru saio antolatu dituzte. Maiatzaren 25ean, ekainaren 1ean eta ekainaren 6an izango dira, eta saio bakoitzean 50 proposamen inguru baloratuko dituzte: horietatik 20 proposamen lehenetsi, eta beste 30 inguru baztertu beharko dituzte.

Zumaiako Udalak nabarmendu nahi du, fase hau bozketa fasea bezain garrantzitsua dela. Izan ere, orain baztertuko dira proposamenetako asko. Bestela esanda, saio hauetan aukeratutako proiektuak izango dira bozketa fasera pasako direnak.

Saio horietako bakoitzean zein gai landuko dituzten ere zehaztu dute:

1. saioa: maiatzak 25, asteazkena

  • Aisialdia
  • Argiteria
  • Azpiegiturak: haur parkeak, haurrak, estalpea
  • Jarduera fisikoa eta kirola: azpiegiturak, espazio publikoa, gazteria, igerilekua
  • Mugikortasuna
  • Zerbitzuak: garbitasuna, herri mobiliarioa, hilerria, hondakinak.

2. saioa: ekainak 1, asteazkena

  • Azpiegiturak: aisialdi guneak, komun publikoak, Oikia
  • Etxebizitza: alokairua
  • Ingurugiroa
  • Irisgarritasuna: oinezko bideak, segurtasuna
  • Mugikortasuna: bizikletak, irisgarritasuna, trafikoa, trafikoa-ibilgailuak
  • Zerbitzuak: mantenua, saneamendua

3. saioa: ekainak 8, asteazkena

  • Euskara
  • Hezkuntza eta heziketa
  • Hirugarren adina
  • Irisgarritasuna: hilerria, igogailua, mugikortasuna
  • Kultura: azpiegiturak, jaiak, liburutegia, ondarea
  • Mugikortasuna: aparkalekua, bide segurtasuna, bidegorria, oinezko bideak
  • Tokiko garapena: enplegua, irisgarritasuna, merkataritza, ondarea-turismoa

Hurrengo pausoak

Lan saioak bukatzean, jasotako proposamen horiek aztertu eta baloratu egingo dituzte udal teknikariek. Ondoren, irailean zehar herritarrek udal aurrekontuan txertatuko diren proposamenak hautatuko dituzte bozketa bidez.

Azkenik, proiektu bozkatuenen ordenari jarraiki, Zumaiako Udalak 2023 eta 2024ko aurrekontuetan proiektuak txertatuko ditu 500.000 euroak agortu arte.

 

 

Albiste erlazionatuak