Ostiralean jarriko dira salgai Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldietarako sarrerak, internet bidez

2021/02/03

Pailazoek bi emanaldi eskainiko dituzte otsailaren 14an (igandea). Sarrerak entradium.com webgunearen bidez erosi beharko dira, ostiraleko goizeko 10:00etatik aurrera. Halaber, Txori Txiki Musika eta Dantza eskolako eta Udal Musika Bandako lagunek prestatutako bideo-emanaldietarako gonbidapenak ostegunetik aurrera egongo dira eskuragarri turismo bulegoan.

Aurtengoan ezin izango dira inauteriak betiko moduan ospatu. Edonola ere, otsailaren bigarren astebururako haur eta gainontzeko herritarrei zuzendutako ekitaldiak antolatu ditu Udalak. Hala, ‘Veneziako inauteriak’ gai moduan hartuta, Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak bideo-emanaldiak prestatu ditu otsailaren 12 eta 13rako. Bestalde, Pirritx, Porrotx, eta Marimotots Zumaian izango dira otsailaren 14an. Ekitaldi horietarako sarrera eta gonbidapenak aurrez hartu beharko dituzte herritarrek (xehetasunak, jarraian).

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek “Amaren intxaurrak” ikuskizun berria eskainiko dute, eta kultur ekitaldi orotan bezala osasun neurriak bereziki zainduko dira: saio bakoitzean 200 ikusle izango dira, eserita uneoro, eta aretoa desinfektatu eta aireztatu egingo da bi saioen artean. Datorren urterako utzi beharko dira  muxuak, argazkiak,eta dantzak. Edonola ere, oholtza gainetik bada ere, urte berezi honetan gure artean izango ditugu Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Halaber, egungo osasun neurriak kontutan hartuta, lagun bakoitzak lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez.

Otsailaren 14an (igandea) izango dira herrian, eta bi emanaldi egingo dituzte Zumaiena aretoan: lehenengoa 15:00etan, eta bigarrena 17:30ean. Sarrerak entradium.com webgunearen bidez jarriko dira salgai (internet bidez soilik salduko dira sarrerak). Ostiral honetan (otsailak 5) goizeko 10:00etatik aurrera jarriko dira salgai sarrerak, 6 euroren truke.

Erosi Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako sarrerak hemen klik eginda (ostiralean, 10:00etatik aurrera)

Txori Txikirekin, Veneziara

Inauteririk ezingo da ospatu aurtengoan, baina Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako lagunek Veneziako inauterietara eramango dituzte zumaiarrak. Zuzeneko eta taldekako emanaldiak prestatzeko zailtasunak egonik, ikus-entzunezko bat prestatu dute herritar guztientzako. Zumaiako Udal Musika Banda ere ekitaldiaren prestaketa lanetan murgilduta egon da.

Zumaiena aretoan ikusi ahal izango da otsailaren 12an eta 13an (ostiralean eta larunbatean), arratsaldeko 17:30ean. Halaber, otsailaren 15etik aurrera baleike.eus eta zumaia.eus webguneetan ikusi ahal izango da bideoa.

Ekitaldi horietarako sarrerak doakoak izango dira, eta turismo bulegoan hartu beharko dira otsailaren 4tik aurrera (10:00etan zabaltzen da turismo bulegoa). Herritar bakoitzak lau gonbidapen hartu ahal izango ditu gehienez.

Turismo Bulegoa:  10:00-14:00 eta 16:00-18:00 (igande arratsaldeetan eta astelehenetan itxita)


 

>> Zumaiako Agenda: 

'Veneziako inauteriak' bideo-emanaldia

Otsailak 12 eta 13, 17:30 — Zumaiena

 

Pirritx, Porrotx, eta Marimotots

Otsailak 14, IGANDEA, bi saio: 15:00 + 17:30 — Zumaienako aretoan

    Albiste erlazionatuak