Estazio kalean hainbat hobekuntza egingo ditu Udalak
Bi jarduketa nagusi egingo dituzte: edukiontzien gunea bizilagunentzat erabilgarriago bihurtzeko lanak, eta errepidean isleta bat eraikiko dute, trafikoaren abiadura leuntzeko. Halaber, Lagun Artea tabernatik Nardinera arteko aparkalekuak bertakoentzat izango dira aurrerantzean. Maiatzaren 19an (astelehean) hasiko dituzte lanak.
Zumaiako Udalak Estazio kaleko eremua berarntolatzeko eta espazio publikoa herritarren beharretara egokitzeko lanak abiatuko ditu datorren astean. Egingo diren eskuhartzeek helburu bikoitza dute: alde batetik, bizilagunek azken hilabeteetan egindako eskaerei erantzutea, eta bestetik, espazioaren erabilera publiko eta segurua bermatzea. Zumaiako Udalak 18.192 euro erabiliko ditu lan hauek egiteko.
Zehazki, honakoak dira egingo diren eskuhartzeak:
-
Plazatik edukiontziak kentzea eta gune berri baten sorrera: Estaziora bideko tunela eta gero dagoen plazatxoa herritarren erabilerarako uzteko asmoz, edukiontziak tren estazio ondoan kokatuko dira aurrerantzean. Horretarako, Hego kaleko 12. atariaren ondoko dagoen espazioa egokituko da. Lan hauen ondorioz, hiru aparkaleku desagertuko dira. Desgaitasuna dutenentzat gordetako aparkalekua lekuz aldatuko da, eta honakoaren irteera egokituko da.
-
Biribilgune margotuaren ordez isleta fisiko bat eraikitzea: Gaur egungo biribilgune margotuak ez du bere funtzioa behar bezala betetzen, eta askotan gidariek ez dute araua errespetatzen. Horregatik, ibilgailuen norabideak antolatu, biratzeak segurtasunez bideratu eta abiadura murrizteko helburuz, isleta fisiko bat eraikiko da.
Horretaz gain, Hego kalean bertako bizilagunei lehentasuna emateko, Lagun Artea tabernatik Nardinera arteko aparkalekuak bertakoentzat izango dira aurrerantzean. Aparkalekuen margoketa lan horiek Udal Brigadak egingo ditu.
Datorren astelehenean (maiatzak 19) hasiko dituzte lanak, eta, aurreikuspenen arabera, hiru asteko epean amaituko dituzte. Trafikoan eragina izango du: tartekako bide-mozketak izango dira, eta ibilgailuak mantsoago ibili beharko dira. Oinezkoei dagokionez, obrek ez dute inolako eraginik sortuko.
Albiste erlazionatuak
Auzoak
Mugikortasuna
- Torreagako 46 BOE etxebizitzen hitzarmena, Mugikortasun Jasangarrirako Plana eta Komentuko funtzionamendu araudia onartu dituzte uztailaren osoko bilkuran 2025/07/25
- Itzurunbidea guztiz itxita egongo da ostegun honetan (ekainak 26), igogailuaren obrak tarteko 2025/06/24
- Autobusek ez dute geldialdirik egingo Txomin Agirre kaian ostiral honetatik aurrera 2025/06/23
- Mugikortasun Planeko ekintzak lehenesteko tailerra egingo dute datorren asteazkenean (ekainak 11) 2025/06/03
Zumaia bizitzeko da
- Abante! jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua jarri du abian Udalak 2026/02/19
- Ikusgai daude Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak 2026/02/05
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29



