Zumaiako udal baratzeak erabiltzeko eskaera egiteko epea zabalik, otsailaren 13ra arte

2023/02/07

Keretxudi udal baratze-parkeak 48 partzela ditu, bakoitza 40 metro karratukoa. Interesa duten zumaiarrek udaletxean egin beharko dute eskaera, otsailaren 13a baino lehen. Eskaera orriarekin batera errenta aitorpena aurkeztu beharko dute eskatzaileek.

Lau urte eta gero, Zumaiako Udalak Keretxuri baratze-parkeko partzela guztiak berriro esleituko ditu. Parke horrek 48 baratze ditu eta bakoitzak 40 m2-ko gutxi gorabeherako azalera du. Parkearen gainontzeko azalera erabilpena komunitarioa du (zerbitzuen eraikina, bideak, ureztatzeko putzuak, konposta egiteko guneak…).

Baratzak erabiltzeko lizentziak prekarioan emango dira, erta lursailaren aprobetxamendua eta/edo erabilera urtebeteko epearekin emango da; epe hori gehienez 4 urte arte luzatu daiteke. Erabiltzaile bakoitzak 10,15 euroko tasa ordaindu beharko du hilabetero, eta 101,50 euroko fidantza jarri beharko du (udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko ezartzen da fidantza, eta lagatzeko epea agortzen denean itzuliko da). Interes taldekoak edozein ordainketa egitetik eta fidantza aurkezteko egin beharrez salbuetsita egongo dira.

Baratze gune honi helburu eta izaera soziala emateko asmoz, 48 baratzetatik %60a interes taldeentzat gordetzen du Udalak. Interes talde berezitzat jotzen dira ezaugarri bereziak dituzten kolektiboak, hala, nola, langabetuak, DBE hartzaileak, desgaitasunen bat dutenak edota guraso bakarreko bizikidetza unitateak. Gainerako partzelak herritarren artean zozkatuko dira, errentaren arabera.  

Nekazaritza jarduera sustatzeaz gain, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzeko gunea da baratze-parkea. Norberaren barazkiak autokontsumorako eta era ekologikoan egiteko aukera eskaintzen du, eta kalitatezko aisialdi aktiborako topagune ere bada. Gainera, hilabetero Furgobaratzaren bisita izaten da bertan, baratzearekin lotutako formakuntza praktikoa eskaintzeko.

Nola egin eskaera?

Eskaera-orria behar bezala beteta aurkeztuko da, telematikoki edo Zumaiako udaletxeko Harrera Zerbitzuan (Foruen plaza,1), otsailaren 13ra bitartean.

Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi behar zaizkio:

  • NANa edo horren ordezko den beste agiri legalen baten fotokopia.
  • Bizikidetza Unitateko kide guztien diru sarreren egiaztagiriak: errenta aitorpena, edo baliokidea.
  • Interes talderen batekoa diren herritarren kasuan, kolektibo horretako izateko bete beharreko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, hala nola: langabezian egotearen edo DBE jasotzearen egiaztagiria; aniztasun funtzionalaren egiaztagiria; edota, elkarbizitza-ziurtagiria eta epaitegiko sententzia.

> Eskaera orria

> Deialdia

> Udal baratzeen erabilera arautzeko ordenantza

Albiste erlazionatuak