'Zumaian zaintza zaintzen' jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 22an
Zumaiako zaintza arloko diagnostikoa aurkezteaz gain, herrian martxan dauden dinamika eta prozesuak ezagutzeko aukera izango da datorren asteazkenean egingo duten topaketan. 18:00etan hasiko da saioa, Alondegiko Oxford aretoan. Aldibereko itzulpen zerbitzua ere eskainiko dute.
Zumaiako Udalarekin eta Prebentzio Mahaiarekin elkarlanean, zaintza lanen inguruko diagnostikoa egin du Elhuyar fundazioak azken hilabeteotan, herritarrek erantzundako galdetegietan eta bestelako datuetan oinarrituta. Prebentzio Mahaiaren barruan garatzen ari diren prozesuaren emaitzetako bat da honakoa, eta, aurrera begira gai berarekin lanean jarraitzeko asmoa dute. Urriaren 22ko jardunaldietan ikerketaren berri eman, eta, herriko beste zenbait eragilerekin batera, hausnarketarako bide emango dute. 18:00etatik 20:15era bitartean topaketa egingo dute Alondegiko Oxford aretoan.
Bi zati nagusi izango ditu jardunaldiak. Lehenengo, herrian zaintza lanen bueltan martxan dauden prozesuen berri emango dute: Pili Alberdi Gorrotxategi Udaleko Gizarte Zerbitzuetako buruak Zumaiako Prebentzio Mahaiaren barruan egindako lanaren berri emango du, eta, egin berri duten diagnostikoaren gako eta ondorio nagusiak azalduko ditu; jarraian, Maddi Altuna Galfarsoro mugimendu feministako kideak joan den urtean abiatutako Zaintzen duen Zumaia irudikatzen prozesuaren nondik norakoak azaldu, eta greba feminista orokorraren kokapena egingo du; azkenik, Ivonne Robles León Bizitza Zaintzeko elkarteko kideak zaintza zerbitzuak eskaintzeko duten proposamena aurkeztuko du. 15 minutu inguruko aurkezpena egingo du bakoitzak, eta, jarraian, galdera-erantzunetarako tartea izango da.
Jardunaldiaren bigarren zatian Ana Olaizola Antia zaintzailea eta Prebentzio Mahaiko kidea elkartuko zaie hiru mahaikideei. Zaintza sistema komunitarioa artikulatzeko elkarlanerako espazioak izango dituzte hizpide, eragileen beharrak azpimarratuz, eta prozesuetan topatutako indargune zein zailtasunak oinarri hartuta, aurre begirako lan-ildo posibleez ariko dira.
Topaketak klownkusioekin itxiko dituzte. Beatriz Egizabal klownak, umorea oinarri, jardunaldiaren ondorioak aurkeztuko ditu 30 minutuko bakarrizketa saioan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, zaintzaren gaia mardula izan arren, gertutik eta herrira begirako proposamenak landuko dituzte saioan, eta hurrengo urteetarako erronkei aurre egiteko martxan jartzea da asmoa. Horrenbestez, zaintzaren gaiak zeharkatzen duen herritarrak eta gaiarekiko interesa duen oro gonbidatu dituzte jardunaldietara.
Zumaiako Prebentzio Mahaia zaintzaren gaiari lotutako erronka nagusienak identifikatu eta lantzeari ekin zion 2023an. Koordinazio mahaia eratu ondotik, hainbat saio zabal egin dituzte. Gizarte zerbitzuetako, osasun arloko eta nagusien egoitzetako ordezkari eta langileak, herriko eskoletako ordezkariak, zaintza lanetan zein boluntario moduan aritzen diren herritarrak, Nagusien Mahaiko kideak, mugimendu eta talde feministetako kideak... ari dira parte hartzen, baita udal ordezkari eta teknikariak ere. Prozesua dinamizatzeko Elhuyar fundazioaren laguntza izaten ari dira.
Albiste erlazionatuak
Berdintasuna
- Azaroak 25eko adierazpena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta 2025/11/25
- Emakume bakoitzaren behar eta egoeretara egokitutako erantzunak, indarkeria matxistaren askotariko formen aurrean 2025/11/05
- Zumaiako Udalak gogor salatzen du Zarautzen gertatutako erailketa sexista 2025/10/17
- Zumaiako landa eremuko emakumeen egoera aztertzeko ikerketa-beka eskatzeko epea zabalik dago berriro 2025/10/03
Zaintza
- San Juan egoitzako pasabidea luzatzeko lanei ekingo diote aste honetan 2025/10/14
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute ekainaren 4an 2024/05/31
- Zaintza sektoreari loturiko sentsibilizazio jardunaldiak izango dira maiatzaren 22an eta 23an Zumaian 2024/05/09
- Gai zehatzei begira jarriko dira 'Zumaian zaintza zaintzen' prozesuaren hurrengo fasean 2024/03/05
Gizarte Zerbitzuak
- Eguneko Zentroaren 21. urteurrena ospatzen ari dira 2025/10/21
- Bizitzaz eta heriotzaz hitz egiteko gakoak landuko dituzte aurtengo Guraso Eskoletan 2025/10/08
- Asteartean (irailak 30) amaituko da oroimena lantzeko tailerrean izena emateko epea 2025/09/25
- Zabaldu dute hogarreko taberna, izen berriarekin 2025/04/16
Zumaia bizitzeko da
- Pedro Basurto zumaiarra oroitu dute Ataunen 2025/12/04
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Erkibeko lorategia irekitzeko lanak abenduarekin batera hasiko dira 2025/11/27



