18,9 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Udal Gobernuak, inoizko handiena
Komentuan Kultur Topagunea martxan jartzeko lanetara 1,2 milioi euro bideratu nahi ditu Udal Gobernuak, eta beste 1,9 milioi euro auzoetan eta herriko azpiegituretan hobekuntzak egitera. Gizarte Zerbitzuen alorrean %12ko igoera egitea proposatuko du.
Zumaiako Udal Gobernuak 18.920.000 euroko aurrekontu proposamena eramango du azaroko osoko bilkurara. Udalaren aurrekontu propioaz gain, Kirol Patronatuak 1.300.000 euroko aurrekontua izango du aurtengoan.
Zumaiak inoiz izandako aurrekontu handiena izango da, eta inbertsioen arloan egingo dute igoera handiena: 5,2 milioi euro bideratu nahi dituzte askotariko lanetara (iaz 2 milioi euro jaso ziren aurrekontuetan). Iñaki Ostolaza alkatearen arabera Udal Gobernuak “etorkizunera begira” jarri nahi du Zumaia, eta “udal kontuen egoera ona baliatuta proiektu estrategikoei heldu” nahi diete.
Halaber, gizarte zerbitzuen alorrean %12ko igoera egitea proposatuko dute. Igoera horrekin zerbitzu berriak jarriko dituzte martxan (Itsasargia adinekoei zuzendutako eguneko zerbitzua, esaterako). Igoera horretaz gain, Gizarte Zerbitzuetan administrari lanpostu berri bat sortu nahi dute, “herritarren beharrei ahal den modu egokienean erantzuteko”.
Maider Alberdi partehartze eta berdintasunerako zinegotziaren esanetan, aurrekontuetan pisu handirik ez duten baina Udal Gobernuarentzat garrantzitsuak diren proiektuak abiatuko dituzte. Datorren urtean IV. Berdintasun Plana osatzeko parte hartze prozesua abiatuko dute (18.000 euro), aurrekontu partehartzaileen prozesuari helduko diote (18.000 euro), aurrera begirako pausoak zehazteko Zumaiako alokairu eskaintzaren inguruko azterketa egingo dute (18.000 euro), eta ekintzailetza soziala bultzatzeko eta elkarlan zentroa martxan jartzeko prozesua hasiko dute (25.000 euro). Halaber, Zumaiako Udalak HAPOaren (Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra) prozesuarekin jarraituko du 2022an (126.000 euro bideratuko ditu horretara).
Aurrekontuak teknikariekin batera landu eta gero, aurrekontu-proiektua oposizioko taldeei helarazi zien Udal Gobernuak. Gobernu Taldeak azaroaren 25eko osoko bilkuran onartu nahi ditu aurrekontuak, “urte hasierarako indarrean egon daitezen”. Osoko bilkura arratsaldeko 17:00etan izango da.
5 milioi euro inbertsioetarako
Udal Gobernuaren esanetan “inbertsioen aurrekontua” izango da 2022koa, iazkoarekin alderatuta %150eko igoera egongo da arlo honetan: iaz 2 milioi euro bideartu zituzten, eta aurten 5,2 milioi euro erabiltzea proposatuko dute.
5,2 milioi euro inguru ondorengo lanetara bideratu nahi dituzte:
- Komentuaren eraberritzea: 1.250.000 euro. Marina Bidasoro kultur zinegotziak azaldu du Komentua eraberritzeko proiektuak guztira 5 milioi euro balio dituela. Finantzaketa eta dirulaguntza lerroak aztertzen jarraitzen badute ere, Komentua eraberritzeko lanak hasiko dituzte 2022an; lehenengo fasea abiatuko dute, 1,2 milioi eurorekin. Datozen egun eta asteetan proiektuaren inguruko xehetasun gehiago emango dituztela azaldu du Bidasorok.
- Kale argiteriaren eta semaforoen energia efizientzia hobetzea: 1.176.000 euro. Kopuru horretatik 580.000 euro IDAE erakundearen dirulaguntzetatik eskuratuko ditu Udalak. Lan horiei esker, energia kontsumoan %75 aurreztea lortuko da, eta 446,41 tona CO2 gutxiago emitituko dira. Legealdi hasieran energia plana: efizientzia eta bestetik sorkuntza. Iñaki Ostolazaren esanetan legealdi hasieran egindako energia diagnostikoa eta gero bi erronka nagusi ditu Udalak: efizientziari dagokiona (proiektu honekin egingo du) eta energia sorkuntzari dagokiona (Egutera kooperatibaren bidez abiatuko dute bide hau).
- 1,8 milioi auzoen egoera eta bestelako azpiegiturak hobetzeko ezohiko obretara (IKUSI MAPA):
-
San Jose kaleko etxebizitzetan igogailuak jarri ahal izateko berrurbanizazio lanak (391.000 euro)
-
San Telmoko igogailua (312.000 euro)
-
Bonifazio Etxegarai kalearen Erribera kalearen arteko plazatxoaren ingurua berrurbanizatzea (300.000 euro)
-
Estazioaren berrurbanizazioa oinezkoak zentroan jarrita (210.000 euro) eta Estazioan komun publikoa jartzea (80.000 euro)
-
Aita Mari-Sagarbide eremuko berrurbanizazioa (140.000 euro)
-
Autokarabanen gunea egokitzea (140.000 euro)
-
Zine aretoan eserleku berriak jartzea eta instalazio termikoa aldatzea (110.000 euro)
-
Moilaberri eraikina egokitzeko proiektuaren idazketa (90.000 euro)
-
Itzurunbideko igogailua egiteko ideia lehiaketa (90.000 euro)
-
Sagarbideko hesiak aldatzea (69.000 euro) eta Sagarbideko patioa rekaltzea eta asfaltatzea (40.000 euro)
- 750.000 euro ohiko obretara bideratuko dituzte: seinalizazioa (10.000 euro), TAO pintaketa (5.000 euro), azterlanak (115.000 euro), hiri altzariak (20.000 euro), auzo bideetan hobetze hobrak (50.000 euro), hobetze lanak bide publikoetan (90.000 euro), hobetze lanak eraikin publikoetan (20.000 euro), inbertsioak euri uren, uraren eta ur zikinen azpiegituretan (guztira 58.000 euro)
-
Honako lanak ere egingo dituzte (guztira 250.000 euro): TAO seinalizazio bertikal berria herria antolatzeko (60.000 euro), haur parkeen inguruko lanketa eta inbertsioak (50.000 euro), Udaltzaingoan ibilgailu berri bat (40.000), brigadarako furgoneta berri bat (40.000 euro), soinuaren mapa (19.000 euro) eta inbertsio informatikoak (20.000 euro), besteak beste.
Inoizko aurrekonturik handiena
Osoko bilkuran baiezkoa ateraz gero, Zumaiako Udalak 18.920.000 euroko aurrekontu proposamena izango du 2022an. Udalaren aurrekontu propioaz gain, Kirol Patronatuak 1.300.000 euroko aurrekontua izango du aurtengoan.
2021eko aurrekontua baino %26 handiagoa izango da 2022koa —3.900.000 euro gehiago—. Foru Funtsa berreskuratzeak ekarri du igoera handiena, baita diru-bilketan egondako igoerak ere. Inbertsioetan, inoizko apustu sendoena egin nahi du gobernu taldeak, %150eko igoerarekin.
Udalak oraindik pandemiak sortu dituen beharrei erantzuten jarraituko badu ere, Ostolazaren arabera, aurrekontu hauek “gobernu planaren garapena eta auzoetako hobekuntzak” ahalbidetu dituzte. Gainera, gizarte zerbitzuak hobetzen jarraitzeko %12ko igoera egingo dute arlo horretan, gizarte zerbitzuetako administrari berri bat kontratatzeaz gain.
Horrez gain Udalaren barne egoeraren inguruko lanketa berezia egiten ari direla nabarmendu du Udal Gobernuak. “Udal barruko egoera txukuntzeak igoera ekarri du hainbat arlotan: esleipen asko iraungita zeuden, eta horiek guztiak eguneratzeak gastuen igoera bat ekarri du, adibidez”. Horrez gain, Udalak eskainiko dituen zerbitzu berriek ere igoera bat ekarri dute bigarren kapituluan.
Pertsonalari dagokion kapituluan ere igoera handia egongo da. Izan ere, udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren publifikazioak gastu hori udal aurrekontuan zuzenean txertatzeaz gain, udal langileen soldata %2an igotzea, oposizioko kide baten liberazioa eta bi udal langile berri txertatu dira udal langileen zerrendan (gizarte zerbitzuetako administrariarena eta HAZeko hirugarren administratzailearen lanpostua finkatzea).
Aurrekontuak 3 milioi euroko defizitarekin aurkeztuko dituzte gerakinarekin estaliko direnak. Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, momentuz ez dute mailegurik eskatzea aurreikusten. Beste hainbat datu ere eman ditu alkateak: Zumaiako Udalaren zorra %6koa da, eta aurrezki garbia 1,6 milioi eurokoa. Horrenbestez, Udalaren egoera ekonomikoa egonkorra dela nabarmendu du.
Azkenik, Zumaiako Udalaren egoera ekonomikoa egonkorra dela nabarmendu du Ostolazak. Aurrekontuak osatzeko kontutan hartu dituzten irizpide nagusiak honakoak izan dira: “arlo ekonomikoaren ikuspegitik orekatuak izatea, zuhurtasun printzipioa oinarrituak eta egingarriak izatea”.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
Gizarte Zerbitzuak
- Oroimena lantzeko tailerra, 'Tipi tapa' programa eta Itsasargia zerbitzua; Zumaiako adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko 2024/09/13
- Irailaren 21ean hasiko da martxan 'Atozte', desgaitasuna duten herritarrei zuzendutako asteburuetako aisialdi zerbitzua 2024/09/02
- Lankidetza sustatzen duten jardueretarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik, ekainaren 10era arte 2024/05/10
- Zaintza sektoreari loturiko sentsibilizazio jardunaldiak izango dira maiatzaren 22an eta 23an Zumaian 2024/05/09
Kultura
- [BIDEOA] 20 sortzailetik gora aritu dira Migel Gutierrezen 'basoa.wav' proiektuan 2024/11/11
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16
- Udazkena bero dator Aita Mari antzokira 2024/09/20
Aurrekontuak
- 2024rako aurrekontuak aztertuko dituzte asteazkeneko ezohiko osoko bilkuran 2023/11/28
- 24,8 milioi euroko aurrekontu proposamena, 'herritarren eguneroko beharrei erantzuten jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei eusteko' 2023/11/20
- Asteazken honetan izango da Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuko bigarren leheneste saioa 2022/05/30
- Partaidetzazko Aurrekontuetarako proposamenak egiteko azken egunak 2022/03/29
Hirigintza
- Ardantzabideko igogailua ez da erabilgarri egongo ostegunean eta ostiralean 2024/11/19
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
- Estazio kalean (biribilgunea eta tren estazioaren arteko errepidean) obrak egingo dituzte gaur gauean, eta trafikoa motelduta egongo da 2024/11/05
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Emakumeon* Etxean 2024/10/29