Badator Zumaiako 37. Musika Jaialdia

2021/07/23
Ekitaldietarako gonbidapenak eta sarrerak uztailaren 27an (asteartea) jarriko dira eskuragarri, 10:00etatik 13:00era bitartean Alondegiko Oxford aretoan.

Zumaiako 37. Musika Jaialdia ospatuko da abuztuaren 31tik 12ra, eta egitarau zabala eskainiko du: musika izango da nagusi, baina dantzak ere tartea izango du. Marina Bidasoro Kultura zinegotziak, Amaia Aldalur San Pedro abesbatzako zuzendariak, Jose Mari Azkue zinegotzi eta ZUMBko zuzendariak, Maria Zubimendi akordeoilari zumaiarrak, Marixi Sesma musikariak (Sapere Aude Sinfonietta) eta Miriam Romatet kultura teknikariak eman dituzte jaialdiaren inguruko xehetasunak. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, iaz bezala, neurri sanitarioei dagokienez, neurri zorrotzak hartuko dituzte, jarduerak segurtasun osoz egin ahal izateko. Halaber, aforoari lotutako arauak errespetatzeko, ekitaldietan parte hartzeko gonbidapenak edo sarrerak hartu beharko dituzte herritarrek.


Abuztuak 3, asteartea:
LIUDMILA MATSYURA 

Abuztuak 6, ostirala:
JUDITH JÁUREGUI ETA JESÚS REINA

"Pozik aurkezten dugu 37. Musika Jaialdia. Eskerrak eman nahi dizkiet herriko eragileei Musika Jaialdiaren antolakuntzan eta aholkularitzan izan duten paper handiagatik, baita programazioan parte hartzeagatik ere. Urtero izaten ditugu ondoan lanean, eta eskertzekoa da beraien konpromisoa", adierazi du Marina Bidasoro zinegotziak. Egoera zaila bizi dugun arren, jaialdiari indarrez eustea lortu dutela uste dute antolatzaileek: "herriko musikarien emanaldiez gozatuko dugu, eta aurten, Donostiako Musika Hamabostaldiaren kontzertuaz gain, Donostiako Organo Hamabostaldiaren baitako emanaldia ekarriko dugu Zumaiara", adierazi du Bidasorok. Hala, gurean izango dira Liudmila Matsyura organojolea (abuztuaren 3an), eta Judith Jáuregui pianojolea eta Jesús Reina biolinjolea (abuztuaren 6an). 


Abuztuak 7, larunbata:
ALDAPEKO BASQUE LATIN JAZZ

Miriam Romatet kultur teknikariak nabarmendu du "goi mailako artistaz, berrikuntzaz eta estreinaldiz beteta" datorrela aurtengo jaialdia. Gainera, musika klasikoa abiapuntu moduan hartuta, bestelako musika estiloak eta moldaketa ugari entzuteko aukera izango da Zumaian. Abuztuaren 7an, esaterako, euskal musika, musika latinoa eta jazza uztartzen dituen Aldapeko Basque Latin Jazz kontzertua izango da Zumaienako patioan.

Abuztuak 4, asteazkena: DANTZA HAURRENTZAT
Abuztuak 12, osteguna:
DANTZA GARAIKIDEA | OUT eta IDI BEGI

Bi dantza ikuskizun ere antolatu dituzte: lehena, abuztuaren 4an, haurrei zuzendutuakoa; bigarrena, abuztuaren 12an, eta dantza garaikideaz gozatu ahal izango dute ikusleek. Gainera, Nabucco opera emankizuna proiektatuko da abuztuaren 10ean, Aita Mari zineman.

Uztailaren 31n egingo da jaialdiko lehen kontzertua. Aurretik, baina, udalekuetako haurrei zuzendutako kontzertu berezi bat egingo da Komentuko lorategian. Klarinete Maratoiko laukote irabazleak kontzertua eskainiko die herriko haurrei. 

 

Piazzolari omenaldia

Zumaiako Udal Bandak eta Maria Zubimendik inauguratuko dute Zumaiako 37. Musika Jaialdia, uztailaren 31n. Astor Piazzola musikagile eta bandeoi-jotzaile argentinarra omenduko dute kontzertuan, musikariaren jaiotzaren 100. urteurrenean.

Jose Mari Azkuek azaldu duenez, akordioilaria eta banda eskuz esku arituko dira kontzertuan, eta artistaren "kantu ezagunetan, eta hain ezagunak ez direnak" interpretatuko dituzte. Gainera, solista moduan Piazzolaren bi tango eskainiko ditu Maria Zubimendik: Chiquilín de Bachín eta Contrabajeando.

'Isildu nahi ez den hori' 

Abuztuaren 1ean, San Pedro Abesbatzaren eta Sapere Aude Quarteten 'Isildu ez den hura' ekitaldia izango da, 20:00etan Parrokian, Amaia Aldalurren zuzendaritzapean eta Mari Carmen Azpeitiaren pianoarekin. Emanaldi honekin musikariek egungo euskal konpositoreen lanak "paperetatik soinuen mundura" eraman nahi dituzte. "Iaz, konfinamenduan eta murrizketekin, abesbatzako kideok ezin izan genuen entseatu eta antzeztu, eta, beraz, Iker Gonzalezen 'Isildu ez nahi den hura' (Karmele Mitxelenaren testua) lanaren izenburua oso egokia iruditu zitzaigun kontzertu honi izena emateko", esan du Aldalurrek.

Abuztuaren 1ean koralak harizko laukote bat izango du alboan eta Iker Gonzalezek idatzi eta moldatutako bost obra interpretatuko ditu; horietako batzuk, gainera, egun horretan bertan estreinatuko dira. San Pedro Abesbatzako zuzendariak Gonzalezen inplikazioa goraipatu du: "Aurten asko idazten eta sortzen ari da. Zorte handia dugu Zumaian, etxean, bera bezalako musikari bat edukita, eta baloratu egin behar da ".

Ravel eta Strauss, María Britok zuzenduta

Abuztuaren 2an, Sapere Aude Sinfonietta jaialdiko orkestra egoiliarrak kontzertua eskainiko du Zumaienan, 20:00etan, eta Maurice Ravel eta Richard Straussen piezak eskainiko dituzte. Konpositore bakoitzaren obra bana joko ditu taldeak. Taldeko kide Marixi Sesma zumaiarraren esanetan, mende aldaketa guztietan mugimendu handiak izan dira, eta "XIX. mende hasieran Donostia eta Miarritze artean mugimendu handia izan zen; Ravel eta Strauss hemen inguruan egon ziren garai hartan, eta Ravel Zumaian ere egon izan zen". 

Emanaldiko piezak oso bereziak direla azaldu du Sesmak. Ravelen Mother Goose Suite haurrei zuzendutako ipuin bilduma batean oinarrituta dago: "bereziki gonbidatu nahi ditugu Zumaiako gazteenak ekitaldi honetara". Gainera, Straussen Der Rosenkavalier pieza bere garaian "oso apurtzailea" izan zela azaldu du. "Izaera sexual handia zuen obra bat zen, eta berez, bi emakume maitale zituen protagonista, nahiz eta operetan izaera hori ezkutatzeaz gain, bi emakumeren ordez, emakume bat eta gizon bat agertu izan diren".

Ekitaldi honetarako beharrezkoa izango da sarrerak erostea. Helduen sarrerak 10 euro balioko ditu, eta 12 urtetik beherako haurrenak 3 euro. 

 

>> Ikusi agenda

>> Musika Jaialdiko dossierra 

 

Gonbidapenak eta sarrerak, uztailaren 27an

Musika Jaialdiko ekitaldi gehienak doakoak izango dira, baina beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena eskuratzea. Uztailaren 27an jarriko dira eskuragarri gonbidapenak, 10:00etatik 13:00era bitartean Alondegiko Oxford aretoan. Herritarrek bertara joan beharko dute gonbidapenak hartzera, eta pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen hartu ahal izango ditu. Uztailaren 28tik aurrera turismo bulegoan eskuratu ahal izango dira soberan dauden gonbidapen eta sarrerak.

Sapere Aude Sinfoniettak abuztuaren 2an eskainiko duen kontzerturako sarrera erostea beharrezkoa izango da. 10 euro balioko ditu helduen sarrerak, eta 3 euro 12 urtetik beherakoenak. Sarrera horiek ere uztailaren 27an jarriko dira salgai, 10:00etatik 13:00era Oxford aretoan.

Azkenik, Nabucco operaren proiekzioaren kasuan, ekitaldiaren egunean bertan (abuztuak 10) hartu beharko dira sarrerak, 5 euroren truke Aita Mari zinemako sarreran.