Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari buruzko informazio saioak izango dira datorren astean

2020/09/17

HAPO udalerriko lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautzen dituen tresna nagusia da, eta ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa edota etxebizitza gaietan eragin zuzena izango du, besteak beste. Gai horren inguruko bi saio egingo ditu Zumaiako Udalak hilaren 22an eta 23an, euskaraz eta gazteleraz, hurrenez hurren.

Hiri Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) udalerriaren erabateko antolamendua aurrera eramateko oinarrizko tresna nagusia da. Erreminta juridiko honek udalerriaren lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautuko ditu; eskubide eta betebeharrak ezartzen ditu eta subjektu publiko eta pribatuak lotzen ditu. Udalerriko eremu eta alor ugari zeharkatuko ditu planak, eta 8-12 urte bitarteko indarraldia edukiko du.

Udalerriaren egitura fisikoan (lurzoru eta eraikinak) esku hartzen badu ere, HAPO berriak udalerriaren ekonomia, gizarte eta ingurumen gaietan guztiz eragingo du.Zentzu horretan, honako gaiei eragiten die zuzenean: ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta ekipamenduak. Gainera, zeharlerro moduan ondarea, turismoa, jasangarritasuna eta inklusibitatea aztertzen ditu. Finean, HAPOk udalerriko eremu fisikoaren barne egin daitekeena arautzen du.

Prozesu guztian zehar ezinbestekoa da herritarren partehartzea, eta Udalak herritar oro gonbidatu nahi du egingo diren saioetara. Hain justu, datorren asterako bi hitzordu antolatu ditu Udalak: irailaren 22an eta 23an saio bana izango da, euskaraz eta gazteleraz, hurrenez hurren. Bi saioak Aita Mari zinean izango dira, 18:30ean, eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea.

Eman izena hemen klik eginda

Informazio saioan landuko den edukia

HAPOren inguruko informazio gehiago: https://hapo-zumaia.eus/eu/

Lau urteko prozesu partehartzailea

HAPO osatzeko prozesuak lau urte iraungo ditu, eta behin betiko onespenera iritsi arte, hainbat fase izango ditu. Prozesu osoan zehar, ezinbestekoa izango da herritarren ekarpena; horretarako, esparru eta kolektibo desberdinetako herritarren iritziak jasoko direla bermatuko du Udalak, parte hartzeko modu eta espazio anitzak sortuz.

Herritarrek Parte hartzeko Programa (0. fasea) onartu ostean, Hirigintza Informazioa fasean (1. fasea) murgildu zen Udala martxoan, pandemia iritsi aurretik. Egoerak behartuta, ordea, bertan behera utzi behar izan zituen martxorako aurreikusitako saioak. Orain, egoerak horretarako aukera ematen duenez, herritarrekin informazio-saioak egingo ditu Zumaiako Udalak. Hirigintza Informazioa faseak uztailera bitarteko iraupena izango du.