Mariantongo parke berria diseinatzeari ekin dio Zumaiako Haurren Kontseiluak
Aisialdiaren inguruko diagnostikoa egiten ari dira Kontseiluan, eta, besteak beste, Marianton kaleko parke berriaren ezaugarriak definituko dituzte.
Hiru eskoletako hamalau haurrek osatzen dute Zumaiako Haurren Kontseilua. 9 eta 11 urte bitartean dituzte, eta helburua da alkateari proposamenak eta aholkuak ematen dizkion organoa izatea. 2021eko irailean osatu zen kontseilua, eta otsailaren azken astean egin zuten hirugarren bilera.
Irailetik hona aisialdiaren inguruko diagnostikoa egiten aritu dira, bertan zehazten diren lan-ildoetatik abiatuta hurrengo urteetan Haurren Kontseiluan lantzeko. Lehenengo saioan "aisialdia" hitza elkarrekin definitu zuten eta mapa kontzeptual bat sortu zuten. Bigarren saioan Zumaian aisialdiaren alorrean dauden indarguneak identifikatu zituzten: zer dauka Zumaiak edo zer dago Zumaian gustatzen zaiguna? Zer erabiltzen dugu? Eta zergatik gustatzen zaigu? Zer da horretan balioan jartzen duguna? Hurrengo saioan ariketa berdina egin zuten, baina begirada ahulguneetan jarrita. Ekainean berrekingo diote hausnarketa prozesu horri.
Otsaileko bileran Iñaki Ostolaza alkatearen bisita izan zuten, eta haurrei proposatu zien Mariantongo parke berriaren ezaugarriak beraiek zehaztea. Zumaiako Udalak 2022ko aurrekontuetan txertatu zuen Marianton parkea berritu eta estalpea egiteko beharrezko aurrekontua, eta gehien erabiliko dutenak haurrak izanik, haiek zehaztuko dituzte irizpideak, ondoren parke berriaren proiektua egiteko. Haurrek dagoeneko identifikatuta zuten Zumaian parke estaliak behar zirela, eta Zumaiako Udalak borondate hori izanda, Haurren Kontseiluko partaideek erronkari heldu zioten, eta dagoeneko hasi dira parkearen ezaugarrien eta jolas moten inguruan hausnartzen. Bi saio erabiliko dituzte parkea diseinatzeko. Horrez gain, Zumaiarekin lotutako haurren gomendioak entzun, eta haiek zituzten zalantzak argitzeko tartea eduki zuen alkateak.
Haurrak, gaur egungo herritar
2020an Oinherri egitasmora eta Haurren Hiria sarera batu zen Zumaia. Udalak "Herri hezitzailea" izateko konpromisoa hartu zuen lankidetza hitzarmen horiekin. Haurrentzako eta haurrekin sortutako herri bat izatea suposatzen du horrek, haurren kulturaren aitortzatik abiatuta. Gainera, halako sareetan parte hartzeak haurraren ikuskera berri bat dakar: haurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, eskubidedun herritartzat aitortzen da.
Ikuspuntu horretatik sortutako herri batek herritar guztiontzako dakartza onurak. Izan ere, haurrak edo bazterretako bestelako pertsonak erdigunean jartzeak bestelako praktika eta egiteko moduak dakartza. Halaber, herri hezitzaile hori balio hezitzaile batzuen gainean landu nahi dute (berdintasuna, aniztasuna, partehartzea, euskara...). Haurren Kontseiluarekin, besteak beste, umeen partaidetza bultzatuko dituzten iniziatibak martxan jartzea da Udalaren asmoa, eta, haurrei ahotsa, protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna ematea.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Abante! jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua jarri du abian Udalak 2026/02/19
- Ikusgai daude Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak 2026/02/05
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29
Haurrak
- 0-6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu otsailean Jon Urdineta psikomotrizistak 2026/01/13
- 'Kimikarin' zientzia tailerrak egingo dituzte abenduaren 30ean 2025/12/18
- Bizikleta eguna, larunbat honetan Zumaian 2025/06/04
- 3x3 saskibaloi txapelketa egingo dute maiatzaren 18an 2025/05/08
Parte hartzea
- Udalaren esker mezua Gabonetako ekitaldietan lagundu duten herritar guztiei 2026/01/08
- Bigarren eskuko azoka eta konponketa lantegiak, ostiral honetan Zumaian 2025/10/08
- Udalaren izenean, zorionak eta eskerrik asko Flysch Trail mendi lasterketako kide guztiei 2025/10/07
- [ARGAZKI GALERIA] Komentua bizitzaz bete da urte askoren ondoren 2025/09/18
Herri hezitzailea
- 0-6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu otsailean Jon Urdineta psikomotrizistak 2026/01/13
- 'Kimikarin' zientzia tailerrak egingo dituzte abenduaren 30ean 2025/12/18
- Herriko emakume aitzindariei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2025/12/16
- Kirol klubek, anbulategiak eta Udalak bat egin dute pantailen erabilera osasungarriaren alde 2025/10/20



