San Bartolome jairik ez da izango aurten Oikian

2020/08/20

Mantzior Kultur Elkartearen izenean jakinarazi duenez, aurten sanbartolomeak ez antolatzeko erabakia hartu dute oikiarrek. “Erabaki zaila” izan bada ere, festetako egitarau oso-osoa bertan behera utzi du festa batzordeak.

Mantzior Kultur Elkartearen oharra:

Urtero bezala, abuztua aurrera doan heinean, herriko festak datozkigu burura oikiarroi. Ondotxo dakigu hori Sanbartolomeak antolatzeko ardura daukagun Mantzior Kultur Elkartean. Hain zuzen ere, aurten sortu diren kezkei eta galderei erantzuteko asmoz kaleratu nahi izan dugu ohar hau.
Jakina denez, aurten Covid-19 birusak bazter guztiak aztoratu ditu eta toki gehienetan neurri zorrotzak hartu dituzte koronabirusaren gaitza ahalik eta gutxien zabaltzeko helburuarekin.
Oikian ere, sanbartolomeak nola antolatu pentsatzen aritu gara uda hasieratik. Lehenbizi, ekitaldi xume batzuk antolatzeko asmoa bagenuen, baina udak aurrera egin ahala giroa berriz ere nahasten ari dela konturatu gara: kutsatuen agerraldiak nonahi, tokian tokiko murrizketa bereziak... Hori guztia ikusita, azkenean erabaki zail bat hartu behar izan dugu: sanbartolometako egitarau oso-osoa bertan behera utzi du festa batzordeak. Ekitaldiek sortu dezaketen jende pilaketari neurria hartzeko gai ez dugu ikusten geure burua, oso kontziente gara arriskuak sor daitezkeela eta horien ardura norbaitek hartu beharko duela azken buruan.
Oikia herri festazalea da eta badakigu herritarrek modu batera edo bestera ospatuko dituztela sanbartolomeak aurten ere: familiak elkartuta, argazki zaharrei hautsa kenduz edota bideo-deiekin konexioak eginez. Aurtengoak horrela beharko du, datozen urteetan berriz ere guztiok plazan elkartuko gara sanbartolomeetan.

Albiste erlazionatuak