Herriko autonomo eta enpresa txikiei lagunduko die Zumaiako Udalak, 2.000 eurora arteko dirulaguntzekin

2020/06/19

Zumaiako Udalak 500.000 euro bideratuko ditu herriko autonomo eta enpresa txikiak laguntzera. Jarduera itxita eduki behar izan dutenek, eta jarduera irekita edukita ere diru-sarrerak %40 baino gehiago murriztu zaizkienek 2.000 eurora arteko dirulaguntza jasoko dute, hainbat gasturi aurre egiteko. Eskaera modu telematikoan egin beharko da, uztailaren 9a baino lehen.

COVID-19ak sortutako osasun krisiak eragin nabarmena izan du jarduera ekonomikoan ere. Honakoak herriaren bizitzan duen garrantziaz jabetuta, Zumaiako Udalak 500.000 euro bideratuko ditu herriko enpresa txikiak eta beren konturako langileak edo autonomoak laguntzera.

Alarma egoera ezarri zuen Errege Dekretuaren ondorioz jarduera eten behar izan zutenak, edo jarduera irekita mantenduta ere, fakturazioa %40 baino gehiago murriztu zaizkienak lagunduko dituzte -2019ko batez besteko fakturazioarekin alderatuko da kopuru hori-. 2.000 eurora arteko dirulaguntzak izango dira, aurkeztutako gastuen eta diru-sarreren murrizketaren arabera.

Dirulaguntza zuzen hauen bidez, jarduera baten titulartasunen eta jarduerak zein eta garapenak eragindako funtzionamendu gastu finkoen ordainketa erraztu nahi du Udalak, hala nola: jarduerari zuzenean atxikitako horniduren, makinen, instalazioen eta ekipoen mantentze gastuak; elektrizitate, erregai, ur, telefonia eta Interneterako konexiorako hornidura gastuak; zerga eta kontabilitate aholkularitza gastuak; Covid-19arekin lotura duten aholkularitza gastuak; jardueraren aseguru primei dagozkien gastuak; eta negozio lokalen errentamendu gastuak, hainbat salbuespenekin.

Zumaiako Udalak hitzarmena egin du Urola Kostako Udal Elkartearekin, eta honakoa izango da eskabideak jaso eta dirulaguntza zehaztearen ardura. Horrenbestez, eskabidea eta dokumentazioa Urola Kostako Udal Elkarteara bidali beharko dituzte onuradunek, uztailaren 9a baino lehen eta erregistro elektronikoaren bidez.

COVID-19ari aurre egiteko Udaleko hiru talde politikoen adostasunarekin sortutako 1,5 milioi euroko diru-partidatik bideratutako dituzte laguntzak. Plan beraen baitan jarri dute martxan herriko komertzioa suspertzeko deskontu-bonuen sistema, eta Gizarte Zerbitzuen aurrekontua behar beste handituko dute, besteak beste.

Oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa

Zalantzak argitzeko:

Dirulaguntzaren zenbatekoa

Jarduera etenda gertatu zaien onuradunek jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatutako gastuen %100ekoa artekoa izango da, gehienez ere 2.000 euroko mugarekin.

Jarduera eten ez zaien baina fakturazioa %40 baino gehiago murriztu zaien onuradunek jaso beharreko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, aurreko urteko aldi berarekin edo 2019ko batez besteko fakturazioarekin alderatuta, izandako murrizketaren proportzionala izango da. Laguntzaren ehunekoaren zenbatekoa kalkulatuko da kontuan hartuta, dagokion epealdian % 100eko jaitsierari, justifikatutako gastuen % 100eko laguntza dagokiola, 2000 euroko mugarekin.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 13ra, biak barne, bitartean sortutako funtzionamendu gastuak hartuko dira kontuan.

Dirulaguntzen bateragarritasuna

Oinarri hauen gaia diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bera duten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, betiere batera ez badute diruz laguntzen diren gastuen kostua gainditzen.

Arautzen diren dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du izan, inoiz ere, bera bakarrik edo beste administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatuek emandako dirulaguntzekin batuta diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Arau honetan araututako helburu bererako dirulaguntza lortzen edo eskatzen duen erakunde onuradunak modu frogagarrian komunikatu beharko dio Zumaiako Udalari edo Urola Kosta udal elkarteari.

 

Albiste erlazionatuak