Mariantongo parke berria diseinatzeari ekin dio Zumaiako Haurren Kontseiluak
Aisialdiaren inguruko diagnostikoa egiten ari dira Kontseiluan, eta, besteak beste, Marianton kaleko parke berriaren ezaugarriak definituko dituzte.
Hiru eskoletako hamalau haurrek osatzen dute Zumaiako Haurren Kontseilua. 9 eta 11 urte bitartean dituzte, eta helburua da alkateari proposamenak eta aholkuak ematen dizkion organoa izatea. 2021eko irailean osatu zen kontseilua, eta otsailaren azken astean egin zuten hirugarren bilera.
Irailetik hona aisialdiaren inguruko diagnostikoa egiten aritu dira, bertan zehazten diren lan-ildoetatik abiatuta hurrengo urteetan Haurren Kontseiluan lantzeko. Lehenengo saioan "aisialdia" hitza elkarrekin definitu zuten eta mapa kontzeptual bat sortu zuten. Bigarren saioan Zumaian aisialdiaren alorrean dauden indarguneak identifikatu zituzten: zer dauka Zumaiak edo zer dago Zumaian gustatzen zaiguna? Zer erabiltzen dugu? Eta zergatik gustatzen zaigu? Zer da horretan balioan jartzen duguna? Hurrengo saioan ariketa berdina egin zuten, baina begirada ahulguneetan jarrita. Ekainean berrekingo diote hausnarketa prozesu horri.
Otsaileko bileran Iñaki Ostolaza alkatearen bisita izan zuten, eta haurrei proposatu zien Mariantongo parke berriaren ezaugarriak beraiek zehaztea. Zumaiako Udalak 2022ko aurrekontuetan txertatu zuen Marianton parkea berritu eta estalpea egiteko beharrezko aurrekontua, eta gehien erabiliko dutenak haurrak izanik, haiek zehaztuko dituzte irizpideak, ondoren parke berriaren proiektua egiteko. Haurrek dagoeneko identifikatuta zuten Zumaian parke estaliak behar zirela, eta Zumaiako Udalak borondate hori izanda, Haurren Kontseiluko partaideek erronkari heldu zioten, eta dagoeneko hasi dira parkearen ezaugarrien eta jolas moten inguruan hausnartzen. Bi saio erabiliko dituzte parkea diseinatzeko. Horrez gain, Zumaiarekin lotutako haurren gomendioak entzun, eta haiek zituzten zalantzak argitzeko tartea eduki zuen alkateak.
Haurrak, gaur egungo herritar
2020an Oinherri egitasmora eta Haurren Hiria sarera batu zen Zumaia. Udalak "Herri hezitzailea" izateko konpromisoa hartu zuen lankidetza hitzarmen horiekin. Haurrentzako eta haurrekin sortutako herri bat izatea suposatzen du horrek, haurren kulturaren aitortzatik abiatuta. Gainera, halako sareetan parte hartzeak haurraren ikuskera berri bat dakar: haurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, eskubidedun herritartzat aitortzen da.
Ikuspuntu horretatik sortutako herri batek herritar guztiontzako dakartza onurak. Izan ere, haurrak edo bazterretako bestelako pertsonak erdigunean jartzeak bestelako praktika eta egiteko moduak dakartza. Halaber, herri hezitzaile hori balio hezitzaile batzuen gainean landu nahi dute (berdintasuna, aniztasuna, partehartzea, euskara...). Haurren Kontseiluarekin, besteak beste, umeen partaidetza bultzatuko dituzten iniziatibak martxan jartzea da Udalaren asmoa, eta, haurrei ahotsa, protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna ematea.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Merkatariei zuzenduriko bigarren bilera bat deitu du Udalak, Merkataritza arloko Plangintza Estrategikoa osatzeko 2023/01/10
- Antzezlan eta ikuskizun ugari izango dira Aita Mari aretoan negu osoan zehar 2022/12/27
- Oroimena lantzeko tailerrean izena emateko epea zabalik 2022/12/26
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko oporretarako 2022/12/20
Haurrak
- Antzezlan eta ikuskizun ugari izango dira Aita Mari aretoan negu osoan zehar 2022/12/27
- 'Kimikarin' zientzia tailerrak egingo dituzte urtarrilaren 2an 2022/12/23
- Gabonetako haur parkea, musika ikuskizunak eta kirol txapelketak izango dira Gabonetan Zumaian 2022/12/21
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko oporretarako 2022/12/20
Parte hartzea
- Merkatariei zuzenduriko bigarren bilera bat deitu du Udalak, Merkataritza arloko Plangintza Estrategikoa osatzeko 2023/01/10
- Zumaiako merkatariekin bilera egingo du Udalak, Merkataritza arloko Plangintza Estrategikoa osatzeko 2022/12/15
- 'Terrazen ordenantza' berriaren edukia azaltzeko saio irekia izango da gaur arratsaldean 2022/12/12
- Terrazen ordenantzaren eguneraketa aztertzeko saio irekia izango da datorren astelehenean 2022/11/10
Herri hezitzailea
- 'Kimikarin' zientzia tailerrak egingo dituzte urtarrilaren 2an 2022/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko oporretarako 2022/12/20
- Bizipen tailerrak, 0-6 urte bitarteko haurren gurasoentzat 2022/12/14
- Haurrei zuzendutako ekitaldi ugari izango dira abenduan 2022/12/13