UEMAren 'Bertatik Bertara' kanpainarekin bat egin du Zumaiako Udalak ere
Udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea du helburu kanpainak. 8.000 mantel inguru banatuko dituzte Zumaiako jatetxe eta tabernetan.
Abian da UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak sustatutako "Bertatik bertara" kanpaina. Udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea du helburu kanpainak, eta Udalekin eta zerbitzu sektoreko eragileekin batera, herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko ekimena izango da.
Kanpainaren lehen euskarriak datozen egunotan banatuko dituzte Zumaian: jatetxe, taberna eta ostatuetan otorduren bat egiten duen edonork mahai gainean ikusi ahal izango duen mantela, edota udal eraikinetan eta dendetan ikusgai egongo diren kartelak, herritarrak eta bisitariak kontzientziatzeko.
Udaren atarian ekingo dio bideari, turismo eskaintzan bertako altxorrak nabarmenduz, euskararen erabileratik hasita. Udazkenetik aurrera, berriz, udalerri euskaldunen garapenarekin lotutako hainbat ekimenen aterpe izango da kanpaina, udaletatik tokian tokiko produktuak eta ekonomia sozial eraldatzailea nola lagundu daitezkeen hausnartzeko eta lanerako ildo berriak abiarazteko.
COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, aldaketa handia izango du batetik bestera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. Beraz, inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hurrengo hilabeteotan. Horregatik, UEMAk, udalek eta hainbat eragilek bat egin dute Bertatik Bertara kanpainarekin, herritarrei eta bisitariei erakusteko udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren, bertatik bertara zenbat goza daitekeen nabarmenduz, bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari eskutik helduta. Beti ere udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela ahaztu gabe.
“Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere” dio denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako prestatatutako karteletan eta mahai-gainekoetan ageri den testuak. Zehazki, horiek izango dira lehen hilabete hauetan kanpainaren erakusleiho nabarmenenak.
Kanpainarekin bat egin duten udalek banatuko diete material guztia merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei, herritarrengana eta bisitariengana heltzeko bitartekari ezin egokiagoak direlakoan. Horrekin batera helduko da udaren atarian hedabideetan egingo den komunikazio kanpaina ere, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzeko online saioekin batera.
Abian diren beste hainbat kanpainen osagarri
Osasun larrialdiak eta konfinamenduak ekonomikoki zerbitzu sektorea gogor kolpatu duenez, hainbat udalek iragarri dituzte sektorea suspertzeko kanpainak eta dirulaguntzak. Udal asko, esaterako, herriko komertzioak eta ekonomia hauspotzeko neurriak eta erosketa-bonuak bideratzen hasi da. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzetan, “Bertatik Bertara kanpaina horien guztien osagarri da. Udal gehienak egoera larria ahal den egokien bideratzeko egiten ari diren ahaleginaren erdian, garrantzitsua da gainerako erakunde publikoek ere bidea hori dela nabarmentzea, gure herrien benetako garapena herriko ekonomian eta herriari arnasa ematen dioten sektoreetan dagoela sinetsita”.
Hori guztia ikusarazi nahi du Bertatik Bertara kanpainak. Gure herriak, gure bazterrak, gure hizkuntza eta gure produktuak nabarmentzen ditu hasiera batean, baina horiei estuki lotuta, baita gure herrietako dendak, bertako elikagaiak, lehen sektorearen garrantzia, bertako kultura eta bertako hedabideak ere. UEMAko lehendakariaren hitzetan, “horiek guztiak dira gure herrien taupadak, eta ezinbestekoa da herritarrek eta zerbitzu sektoreak hori ulertzea, gero bisitariei ere erakusteko eta koherentziaz aritzeko”.
Euskaraldia ate joka
Euskara da "Bertatik bertara" kanpainaren zutabe nagusia, eta herriko taberna eta jatetxeetara egin beharreko banaketak Euskaraldiaren berri emateko ere baliatuko ditu Zumaiako Udaleko Euskara Sailak. Zumaiako jatetxe eta tabernak arigune izan daitezen gonbidapena egingo diete.
Izan ere, Euskaraldiaren bigarren edizio honetan, aurrekoetan bezala, pertsonek Ahobizi eta Belarriprest modura emango dute izena. Baina, horrez gain entitateek (saltokiek) ere parte hartu ahal izango dute. Entitateen parte hartzearekin ariketa kolektiboa egin nahi da: "taldean erabakitzen bada hizkuntza ohiturak aldatzea, norberak babes handiagoa sentituko du eta errazagoa izango da".
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
Euskara
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
Turismoa
- Uda honetan ere San Telmo ermita egunero bisitatzeko aukera izango da, baita ingurumena babestu eta euskara sustatzeko ekimenak ere 2024/07/01
- San Telmo ermita ezagutzeko bisita gidatuak izango dira udara osoan zehar 2023/07/11
- TAOren udako aldia ekainaren 15ean hasiko da 2023/06/14
- Beste 600.000 euro lortu ditu Zumaiako Udalak, besteak beste, Algorri Interpretazio Zentroa eraberritzeko 2023/05/10