Ate ireki saioak Gaztegunean

2023/08/31

Ikasturte berriarekin batera, Gazteguneak irailaren 12an zabalduko ditu ateak. Hori baino lehen, ate ireki saioak egingo dituzte erabiltzaile berriek, eta haien guraso eta tutoreek, zerbitzua ezagutzeko. Ludoteka, berriz, urriaren 2tik aurrera egongo da martxan.

Irailaren 12an (asteartean) zabalduko ditu ateak Gazteguneak, baina, hori baino lehenago, urtero bezala, bertako hezitzaileek ateak zabalduko dizkiete ikasturte honetan 12 urte beteko dituztenei (DBH1ean hasitakoak edo 2011an jaiotakoak), Gaztegunea eta bertako hezitzaileak ezagutu ditzaten. Haien guraso eta tutoreek ere zerbitzua eta hezitzaileak aurrez aurre ezagutu ahal izango dituzte.

Honakoak dira antolatu dituzten saioak:

  • IRAILAK 7, OSTEGUNA: 17:00-20:00. Guraso eta tutoreei zuzendutako ate irekiak. Arratsaldean zehar nahi dutenean pasa ahal izango dute gurasoek.
  • IRAILAK 8, 9 ETA 10: 17:00-20:00. DBH1eko nerabeentzat ate irekiak. Arratsaldean zehar nahi dutenean.

Gaztegunean izena eman nahi duen nerabe orok izen-emate orria bete beharko du. Horretarako bi modu egongo dira: batetik, korreo elektroniko bidez bidaltzea eta bestetik, Gaztegunean bertan orria betetzea.

Gaztegunea

Gaztegunea 12-17 urte bitarteko nerabeentzat osatutako eskaintza publikoa da, nerabeei behar bezalako arreta eman nahi dien erreferentziazko tokia. Gaztegunean bertan, alde batetik zuzendutako ekintzak eramaten dira aurrera: tailerrak, txapelketak, eskulanak, jolasak, sukaldaritza... eta bestetik, gazteek beren kasa ekintza libreak egiteko aukera izaten dute autonomia eta autokudeaketa garatzeko.

Lauhilero gai orokor bat lantzen da ezagutzak helarazteaz gain, euren iritzi kritikoa aktibatzeko: sexu heziketa, hezkidetza, kontsumoak, harremanak, emozioak… Eta opor garaietan programazio eta ordutegi berezia eskaintzen da: egunpasak, gaua pasatzera, kirol-jarduerak…

Ludoteka, urriaren 2tik aurrera

Ludotekak, berriz, beranduago zabalduko ditu ateak, urriaren 2an. Astelehenetik ostiralera eskaintzen da zerbitzua, 17:00etatik 19:30era bitartean. Lehenago, irailaren amaieran, guraso eta tutoreei zuzendutako bilera egingo dute hezitzaileek, ludotekaren funtzionamendua eta izen-emate prozesua azaltzeko, besteak beste.

Ludoteka aisialdi hezitzailean eta jolas librean oinarritutako 6-12 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da.  Bertan egiten diren ekintzen bitartez (eskulanak, jolas handiak, ezagutza jolasak, ingurua ezagutzeko pista jolasak,...) laguntasuna, berdintasuna, talde lana, hezkidetza, ingurumenarekiko errespetua, haurraren garapen indibidualizatua... eramanten dira aurrera.

Albiste erlazionatuak