Erribera kaleko zamalanen ordutegia doitu egin da ikasleen segurtasunari lehentasuna emateko

2024/05/10

Astelehenetik aurrera Erribera kaleko karga eta deskargen ordutegia honakoa izango da: 09:15etik 12:00etara.

Zumaiako Udalak aldaketak egingo ditu Erribera kaleko zamalanen ordutegian, eskolara doazen haurren segurtasuna bermatzeko. Erabakia hartu da tokiko hezkuntza komunitatearen eskaria entzunda, eta ikasleen beharrak kontutan hartuta, eskolarako bide seguruagoa eta atseginagoa bermatzeko. Eskaera jasota, merkatariekin gaia aztertu du Udalak, eta honakoek ordutegi berrira egokitzeko prestutasun osoa agertu dute.

Horiek horrela, maiatzaren 13tik aurrera, Erribera kalea 09:15etik 12:00etara egongo da zabalik zamalanetarako (orain arte goizeko 08:00etan zabaltzen zen). Astelehenetik larunbatera aplikatuko da ordutegi hori; igandeetan eta jai-egunetan trafikoa erabat itxita egoten da egun osoan zehar. Bide batez, Zumaiako Udalak gogorarazi nahi du ordutegi hori zamalanerako bakarrik dela, eta ez erosketak edo bestelakoak egiteko.

Erabaki hau bat dator Zumaiako Udalak mugikortasunaren arloan sustatu nahi duen ereduarekin. Izan ere, Udalarentzat garrantzitsua da oinezkoei lehentasuna ematea, eta, kolektibo ahulenak politiken erdigunean jartzea, hala nola herriko haurrak.

Eskola Bide atsegin eta seguruak sustatzen

Bestalde, garrantzitsua da aipatzea neurri hau Eskola Bideak ekimenaren barruan kokatzen dela. Ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea da eskola-bideei buruzko proiektuen xedea. Eskola-bideen proiektuen garapena, sektorearteko planteamendu baten bidez, biztanleriaren zenbait sektorerekin toki-esparruan koordinatuta eta protagonisten parte-hartze aktiboarekin (irakasleak, ikasleak, elkarteak, familiak, merkatariak, udala, eta abar), komunitatearen osasuna hobetzeko tresna erabilgarria da.

Ildo horretan, hurrengo astetan Eskola Bideen seinaletika hobetuko duela jakinarazi nahi du Zumaiako Udalak, herriko hezkuntza komunitatearekin elkarlanean.

Albiste erlazionatuak